XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ikastolen manifestaldia.

MANIFESTAZIOARA hotsegin didate ikastolek.

Egia esan, zalea banintzen ere aspertuxea naiz honelako agerraldiekin.

Leihatila bakarreko gela ilunean sortu eta osatu zen gizakia txokoa maitatzen hasten da berriro, gaztealdiko zalapartek eta ezin-egonek okiturik.

Hala ere, oraingoan ez nuke hutsegin nahi.

Euskal Herriak behar duen eskola aldarrikatzeko denez, ez nuke neure oponioa jendaurrean azaldu gabe geratu nahi, gero eta maiteagoa dudan etxe-txokoan izkutaturik.

Manifestaldiak, sua, kea, txikizioa, gogorkeria, arriskuak, zaurituak eta hildakoak ere berekin ditu, zoritxarrez, askotan.

Bakezkoa izango dela agindu zaigu.

Ez dela inoren kontrakoa esan zaigu.

Euskal Eskola Publiko berriaren eta ikastolen etorkizun argiaren alde elkartasunaren indarra erakusteko dela, alegia.

Protesta bortitzeko manifestaldiak egiten edo ikusten ohitua dagoen herri honetan ez da erraza kantu, soinu eta festazko biltzar eta ibili bat manifestalditzat hartzea.

Prozesiotzat hartuko du batek baino gehiagok, estandarteak eta kantuak hantxe ikusten eta entzuten bait ziren.

Edo errogatibatzat, estandarte eta kantuez gainera, gaitzak uxatzeko eta uzta ona eskuratzeko eskarien letani-marmar burrundatsua entzungo bait da.

Nik noski, besteak beste, premia larri bat daramat Bilbora.

Ikasbide ikastolari, behar beharrezkoa duelako, aspaldi agindu zitzaion ikastetxe berria.

Jauna, gure umeak.

Txuri-Urdin izoztegiaren ondoko gela hotz eta bustietan hondatzen ari dira.

Alboan daukagun prefabrikatuak urrezko jauregi dira beste hoien ondoan; ez da haizerik sartzen ez dabilenean, ez da euririk sartzen ateri dagoenean.

Emaiguzu, jauna, behar dugun etxe berria.

Oroi zaitez eman zenigun hitzaz.

Ez zaitez bihotz gogorra izan.

Erruki zaite gure ume erru gabeekin, eskatuko dut, ito beharrean eztulka ari den haurra besoetan dudala.

Eta Ikasbide ikastolako guraso, irakasle eta neska-mutikoen eskari horrekin, Euskadi osotik samaldan agertuko den jendetzak bat egingo duen esperantzan agertuko naiz, Bilboraino ez joateagatik bakarrik ere pare bat mila duro gustora emango nituzkeen arren.

M. Atxaga.